Ba al dakizu gure dendan barazki ekologikoak eskuratzeko aukera duzula? SAKONA etxalde ekologikotik astero , garaiko produktuz osaturik, otarrak ekartzen dizkigute. Animatu, zure eskaera egin eta LAIAK dendan jaso. Horren erreza!
Hemen duzue Hitzak SAKONAKO Ioritz eta Aiorari egindako elkarrizketa:
Nork: Julene Frantzesena – Ots 12, 2016
IORITZ IGARATAUNDI ETA AIORA ETXEBERRIA (SAKONA): “BASERRITIK BIZITZEKO DIBERTSIFIKATU EGIN BEHAR DA”
Etxaldea osatzeko lanean jarraitzeko ilusio faltarik ez dute Ioritz Igarataundik (Azpeitia, 1989) eta Aiora Etxeberriak (Aizarnabazal, 1991).
Zer dela-eta sortu duzue Sakona etxalde ekologikoa?
Ioritz Igarataundi: Duela hiru urte hasi nintzen proiektuarekin. Kimu Baten egiten nuen lan, baina beti esaten nuen baserri munduan aritu nahi nuela. Ikusi nuen arriskatzeko garaia zela; orduan edo inoiz ez nuela egingo. Etxean lurrak genituen, eta zerotik hasi gara, baina lurrekin; aldea da hori.
Aiora Etxeberria: Ni iazko maiatzean murgildu nintzen proiektuan, eta gustura nago.
Nolakoak izan ziren hastapenak?
I.I.: Gaztenek Nekazari Gazteentzako Planera jo nuen aurrena, eta bost urterako onartu zidaten proiektua. Horri esker, inbertsioetarako laguntza eskuratuko dut bost urtez. Baserritik bizi daiteke, baina inbertsioak egin behar dira, eta horretarako adina ez du ematen; hasieran ez, behintzat. Gainera, proiektuarekin hasi eta lehen bi urteak bakarrik igaro nituen, eta gogorrak izan ziren. Hasierako proiektuan abereekin lan egitea eta landareentzako mintegia osatzea aurreikusi nuen, baina konturatzerako baratzeak hartu du indarra. Hala eta guztiz, lan gehien obrek eman didate; zerbait egin, eta oraindik dena egiteko zegoen. Egin zerbait, dirua gastatu eta ezer saldu ez! Lehen urte eta erdia gogorra izan zen. Lagunen eta familiakoen laguntza ikaragarria izan da, eta eskerrak.
Zerekin osatu duzue etxaldea?
I.I.: Lehenengo ukuilua egin nuen, gero ardiekin hasi nintzen, ondoren baratzearekin, eta berotegiak ere egin ditugu… Denborarekin, aldatuz joan da proiektua. Izan ere, baserritik bizitzeko dibertsifikatu egin behar da. Erleekin ere hasi nintzen, baina Asiako liztorrarekin arazoak izan genituen… Batzuk baditugu oraindik eta, batez ere, otarreetarako egiten dugu eztia. Gazta ere egiten dugu eta ardi esnea saldu ere bai.
A.E.: Baratzeak handitzen ari gara orain, ondo ari garela ikusi dugulako. Sartutako dena saltzen dugu. Hasieran, hori bai, saltzeko lotsak galdu eta mugitu egin behar da.
I.I.: Joan den udaberrian, produktuak saltzen hasi ginenean, leka jaso genuen aurrena. ‘Zer egin behar dugu orain?’, galdetzen genion elkarri. Orain barre egiten dugu, zortzi kilo leka hartuta, zer egin ez genekiela, batera eta bestera ibili ginelako.
A.E.: Hasieran, buruan sartuta genuen jatetxeetan-eta salduko genuela, produktu ekologikoak haiek estimatzen zituztelako. Joan ginen inguruko jatetxeetara, eta denek ezetz esan ziguten.
Baina modan daude produktu ekologikoak, ezta?
I.I.: Badirudi ekologikoa gauza berria dela, baina ez, betikoa da. Kontua da, orain baratzean ahalik eta gehien ekoizten saiatzen garela.
A.E.: Nahi duguna da barazki politenak, ederrenak eta handienak ateratzea. Eta ez diogu begiratzen osasunari.
I.I.: Begietatik horiexek sartzen zaizkigu, denok begiratzen diegu horiei erosterakoan.Dena den, ekologikoen eskaria badago. Pentsa, saltokiek Nafarroatik-eta ekartzen dituzte produktu ekologikoak, hemen nahikoa ez dagoelako.
Azpeitian eta inguruetan estimatzen al dira jaki horiek?
I.I.: Bezeroa asko aldatzen da Donostia aldetik hona. Azpeitian baserri ugari dago, eta horietako produktuak eskura izan ditugunez beti, ez da hainbeste apreziatzen ekologikoa. Zarautz aldera joan, eta asko aldatzen da kontua; baita jatetxeei dagokienez ere. Dena den, ekologikoaren kontsumoa hemen ere sartuko dela ikusten da.
A.E.: Azpeitiko saltoki eta jatetxe batzuetan hartzen dizkigute barazkiak, baina herritarrek apreziatzen ez badute, alferrik da.
Sasoiko barazkiz osatutako otarreak ere banatzen dituzue.
I.I.: Azpeitian banatzen ditugu eta aurki Getarian hasiko gara. Astero, astearteetan, garaian garaiko produktuz betetako otarreak banatzen ditugu, eskatzen dituzten bezeroen artean. Bi preziotako saskiak ditugu, produktu kantitatearen arabera: 13 eurokoak eta 20 eurokoak. Gainera, urteko aste guztietan hartu beharrik gabe malgutasuna eskaintzen diegu bezeroei.
A.E.: Hiru puntu ditugu otarreak banatzeko: Despentsa Naturala, Soreasuko Elkargunea eta Sakona etxaldea. Hala ere, otarreak banatzerakoan gustatzen zaigu bezeroarekin egotea, jendearen dudak-eta argitu ahal izaten ditugulako. Hasieran ez ginen jabetu horrekin, baina garrantzitsua dela ikusi dugu. Gainera, saskiarekin paper bat bidaltzen dugu errezetarekin, barazki xelebreen azalpenekin eta saskiko barazkien zerrendarekin. Barazkiekin batera, Elosuko haragia, Errezilgo ogia eta Aizarnako arrautzak sartzen ditugu otarreetan. Finean, helburua da bezeroek asteko erosketa eginda izatea otarrearekin.
Zer erronka dituzue?
A.E.: Ideia faltarik ez dugu, baina otarreekin 50 bezerora iristea da erronketako bat. Bide batez, ia denda gehiagotara saltzen ere hasten garen.
I.I.: Beste hamar urterako ideiak ditugu, baina erronka da bizi maila duina ateratzea Sakonatik. Nik uste 2016an lortuko dugula hori. Baratzeak handitzen jarraituko dugu, eta fruitu arbolak sartu nahi ditugu. Gero, zukuak egiten-eta hasi nahi genuke. Dena den, legearen barruan saltzeko, transformazio gela behar da. Eta gela hori guk egitea izugarrizko inbertsioa da.
A.E.: Orain ere badugu arazo hori. Marmeladak egiten ditugu, baina otarreetarako. Ezin ditugu dendetan saldu, etxean eginak direlako. Batez ere, ekoizpen urriko garaietan datorzkigu ondo. Ipar Euskal Herrian, adibidez, erradio zehatz baten barruan sal daitezke baserrian egindako produktuak, transformazio gelatik pasatu gabe.
Hurbildu zaitez LAIAK dendara SAKONArekin harremanetan jartzeko !